• Productor: Urtzi Iza

Letaginak(2015)

Orduari begira,
zein ordu den jakin gabe bizi gara,
herri honetan
non egiak hainbat janzkera dituen
biluzik badago ere.
Errepikapena legea da,
denbora antzu bihurtu dugulako
pantailen atzean izkutaturik,
munduaren kontrako harresian bailiran.
Eta hitzak baditut
pozoi honi izena emateko,
baina irteera bat aurkitzear nago.
Faltsukeria
eguneroko ogia, begia begiaren truk,
bakoitzaren kaka eta ohorea defendatuz,
usaina aditu gabe.
Eta hitzak baditut mamu honi
garrasi egiteko,
baina adorerik izango al dut
aulki honetatik
altxatzeko?

Egunon,
hemen nago,
nire bizitza hutsala erakusteko;
gaur egun,
inor ez zara
voyeurrik ez baduzu zure bizitzan.
Itxuraren diktadura honetan,
errejimena baino talibanagoak gara;
belaunaldi baten herentzia.
Nor naizen eta zer daukadan
arriskutsuki antzekoak dira.
Erlatiboak aitzakia bezala.
Eskuak hutsik gatoz,
maskarak aurpegira itsatsirik, eta oskolak hutsik
Begirada galduak,
aukera guztiak eskuetan, baina erabakirik ez.
Ezjakintasuna tendentzia denetik
guztiok goaz azken modan jantzita,
iritzien pasarela honetan.
Gorrez beteriko elkarrizketa bat,
bakoitza here tandoori itxaroten
hitz egiteko.
Isiltasun terapia bat.
“Hashtag­haitzulo baten bizi naiz”.
Nostalgiarako gazteegiak.
Isil zaitez behingoz!

Entzun besteen aholkuak,
bisai zaharren hitzak
denboraren artesietatik irristan.
Eta zorionaren magaletik ihes,
onartu ezazu bizirik zaudela.

Arnasa hartzen dut
inoiz ez ahaztekotan
haragi eta hezur berdinez eginda gaudela;
neure buruari garrasika bizitza hutsala ez dela.
Agur bakoitza, irribarreak,
bigarren gezur minberak,
gaurdaino oreka mantentzeko borrokaren seinaleak.
Banatzen gaituen kristalari xuxurlatuz
oraindik bizirik nagoela.

Hatzen artean doaz minutuak,
jakin gabe ziurtasunez
norabiderik ez dugunentzako
etorkizunik badagoen.
Pausu bakoitzean jakin gabe
hurrengoak ekarriko duena,
sutan dauden untzei helduaz.
Hemen gaude, aurre egiteko prest,
hankak lokatzetan, eta zorrotz letaginak.
Nekez sinetsi zezakeen inork
hemen jarraituko genuela oraindik;
baina gure bidea egin dugu
eta orbainak ditugu frogatzeko.
Norberaren buruari itaunduz
galdera egokiak egin al ditugun
erantzunen bat jasotzekotan.
Hemen gaude, aurre egiteko prest,
sei soka eskuetan, eta zorrotz letaginak.
Profitatuz askatasun laginak,
mundua lepoan, galderak arma bakarra.
Hemen gaude, aurre egiteko prest,
arkatza eskuetan, eta zorrotz letaginak.
Profitatuz askatasun laginak,
mundua lepoan, galderak arma bakarra.
Barneko grina iraungi arte, borondate itsu bati jarraituz;
eta noizbait amaituko bada, hobe dugu lehen bait lehen hastea.

Gauez eguneroko hitzez biluzten naiz,
gauez ezizenak erantzi.
Gauez indiferentzia geruza honi atzamarka,
eskuak odolez zikinduz.
Ez dakit zenbat denbora eman dudan
erlojuei begira.
Gauez mundurako lehio­begiak erakusten dizkit
eskatu ez nituen gauza horiek.
Eta Aylan Kurdiren gorpua
hare gainean lotan.
Hain gertu daukat errealitate lauso hau,
eta hala ere, sinisten ditut sugegorrien gezurrak.
Eskua sartu nuen
sugegorriaren zuloan
hura itotzeko asmoz,
eta eskuan dut oraindik,
letaginak sakon haragian
eta pozoia arterietatik barrena.
Gaur ere, telebistak entzun nahi dudana esango du;
eta, egia itzurtzekotan, laster ahaztuko dut.
Hain gertu daukat errealitate lauso hau,
besoa luzatu eta behatzekin hartuko dut.